Sasieta Mankomunitateak gaur jakinarazi
duenez, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon atez ate bilduko dituzte
hiri hondakinak “datozen hilabeteetan” hasita. Data zehatza esan ez
badute ere, 2013. urtearen hasieran izango litzateke, abenduan herri
batzarrak eta auzokako bilerak egingo dituztelako herritarrekin.
Hiru herri horietako udalek “sistema pertsonalizatu berria” jarriko dute indarrean. Sasietako zerbitzuburu Iñaki Erauskinek esplikatu duenez, gaur egun kalean dauden edukiontzi guztiak kendu egingo dituzte —beirarena izan ezik, hori mantenduko dute—. Horren ordez, herritarrekin bileretan zehaztutako egun jakinetan gaika atera beharko dira hondakinak. Kaleko zintzilikarioak jarri ala ez, hori ere batzarretan hitz egingo dela aurreratu dute. Horretarako, herritarren parte-hartzea eskatu dute.
Zintzilikariorik jarri ezean, egun
horretan atera beharreko hondakinaren ontzi handiagoa egongo da toki
jakinetan. Gauean zehar eramango luke Sasietak. Datorren urtean
tokatzen da Sasieta Mankomunitatean bilketa zerbitzua ematen duen
enpresa atzera aukeratzea, beste hamar urterako kontratuarekin.
Herritarrek, beren partetik, etxean bost
hondakin mota bereizi beharko dituzte. Plastikozko bost ontzi jasoko
dituzte. Bi kolore marroikoak, bat gaur egungo organikoaren neurri
berekoa, eta bestea 30 litroko handiagoa. Txikia sukaldean edukitzeko
izango da, poltsa konpostagarriarekin. Astean hiru egunetan bilduko
denez organikoa, printzipioz, ontzi handiagoa “biltegi modura”
erabiltzeko izango da, atera bitartean.
Bestetik, kolore griseko ontzitxoan
birzikla ezin daitezkeen gaiak jaso beharko dira, izendatutako egunean
ateratzeko. Urdinean (30 litrokoa) papera eta kartoia, eta horian (30
litrokoa) ontziak. Ontzi horiaren ordez poltsa “normalizatuak” (edozein
motakoak ezin dute izan) ere bana lekizkieke, hala eskatzen dutenei.
Papera eta kartoia jasotzek ontzi
urdinaren kasuan (astean behin jasoko lukete), aukera egongo da
etxebizitza bakoitzak bere ontzia edukitzeko, edo etxe-blokeen kasuan
gurpildun edukiontzia eskatzeko, eta komunitateko etxe guztiek han
pilatzeko.
Ontzi guztiek txip elektronikoa edukiko dute, familia bakoitzaren joera eta erabilera—paperaren kasuan komunitarioa izan litekeena— identifikatzeko.
Kataluniako Spora enpresak egin duen bideragarritasun planean oinarrituta daude aldaketa guztiok. Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon batzarrak egingo dituzte azaroan eta abenduan. Bi erronda izango dira bakoitzean: lehenengo batzar irekian (azaroan) herritarrei hondakin bilketaren gaia planteatuko zaie, eta ekarpenak jasoko dituzte udalek. Bigarren batzarrean (abenduan), bilketa sistemaren arloak erabaki eta martxan jartzeko moduan uztea litzateke egitekoa
No hay comentarios:
Publicar un comentario