martes, 27 de noviembre de 2012

ERRAUSKETA


ERRAUSKETA=energia xahutzea


Hondakinak erretzea energia alperrik galtzea da:

Hasteko, elektrizitatea sortzen duen errauskailu baten efizientzia energetikoa %20 ingurukoa da (honek esan nahi du sartzen den energiaren %20 soilik berreskuratzen dela etxe kontsumorako energia moduan), ziklo konbinatua (kogenerazioa) erabili ezkero %50-55 ingurukoa, eta %50ekoa beroa sortzeko. Beraz, efizienteagoa da zentral termikoa erraustegia baino. Efizientzia konparatzeko (“Malos humos para el clima”, Greenpeace):
Zentral termiko arrunta              %41-42
Zabalgarbi (Bilbo, 2005)           %21,5

Bestetik, energia sortzeko beste zentral batzuek baino CO2 isurpen altuagoak dituzte erraustegiek. Izan ere, beharrezkoa zaie erregai fosilak erretzea sistemak funtzionatu ahal izateko: Errekuntza prozesuak hasteko, eta baita errekuntza tenperatura beharrezko marjinen barruan mantentzeko ere. Beraz, erraustegietan biak erretzen dira, zaborra eta erregai fosilak.



Honetaz gain, kontuan hartu behar da erretzen den materiala berriro sortu behar dela. Hau da, produkzio zikloan sartu daitezkeen produktuak erretzen baditugu, produktu horiek berriro sortu beharrean aurkituko gara: lehengaiak ingurumenetik erauzi, garraiatu, transformatu, paketetan bildu, merkaturatu… Hau guztiagatik, produktua berriz lortzeko prozesuan, zaborra errauskailuan erreta sortzen den elektrizitatea baino askoz energia gehiago xahutzen da. Hortaz, energia gehiago aurreztu dezakegu birziklatuz, errausketarekin errekuperatu daitekeena baino.


Adibideak: erraustu beharrean papera birziklatuz, 9 aldiz energia gehiago aurrezten da; plastikoa erretzeak, birziklatzean baino 3 aldiz Negutegi Efektu Gas (Gases de Efecto Invernadero) gehiago produzitzen ditu. (ITURRIA: Alianza Global para Alternativas a la Incineración, GAIA).

Zer da ERRAUSKETA?

Zabalgarbi gose da, batzuek jaten eman nahi diote

PNV eta PSOEri erantzuna 1


PNV-k eta PSOE-k azaroak 16ko Goienkarian Atez atekoaz eta Errauskailuez esan zituenei erantzun nahi die Debagoiena Zero Zabor-ek. Beste puntu batzuekin ere konforme ez egon arren erantzuna lau punturi buruz egitea erabaki dugu. 
Hau haietako bat da:

1. Errauskailuan birziklapen eta konpostaje plantetan birzikla ezin daitekeena erreko duzuela diozue … 

Baina hori EZ DA EGIA. Zubietako errauskailua 260.000 tona hondakin erretzeko diseinatu zenuten. Horrek esan nahi du Gipuzkoan sortuko litzateken zabor guztiaren %60 inguru erre nahi zenutela. Birziklatu eta konpostatu litekeen tona asko eta asko erre nahi zenituzten. 

Atez atekoa Gipuzkoako herri guzti-guztietan jartzen ez bada birziklatu eta konpostatu daitekeen hondakin tona ugari erreko da. Onartezina da esatea Zubietan egin nahi zen errauskailuak birziklatu eta konpostatu ezin dena erreko lukeela. Onartezina da hori behin eta berriz entzun beharra. 





Atez atekoa jartzen ez den herrietan kontenedore berdea egongo da, edozer gauza botatzea onartzen duen kontenedorea. Eta kontenedore berdeak birziklatu eta konpostatu litezkeen hondakinez beteta daude. Hori da erre nahi duzuena. Europako herrialde batzuetan atez ateko bilketa sistemari esker %15-20ko errefusa (birziklatu eta konpostatu ezin litekeena) geratzen zaie erretzeko. Eta erre egiten dute ya aurretik errauskailuak eraikita zituztelako zoritxarrez. Austrian, Flandrian, Alemanian ... Egia da hori erre egiten dutela. 

Baina zabortegietan utziko balute ere ez luke askorik inportako, geratzen den hori inertea baita (ez du metanorik sortzen eta ezta ur lixibiaturik ere, hondakin organikorik ez duelako). Austrian, Flandrian, Alemanian ... erre egiten dute birziklatu eta konpostatu ezin den hori. 



Tamalez ez da hori zuen kasua. Zuek 260.000 tona erre nahi zenituzten. Birziklatu eta konpostatu litekeena erre nahi zenuten Gipuzkoan. Eta erretzen duzue Bizkaian (Zabalgarbin). Birziklatu litekeen papela, kartoia, plastikoa; konpostatu litezkeen ogi, letxuga, patata-azal sobrak ... erre nahi zenituzten. Hortxe daukagu Bizkaia. PNV eta PSOE-ren aginpidetzan.
Zer erretzen da bertan? Ze proportziotan? Europako herri aurreratuenen jokaera ikusten al dugu Bizkaian ?





viernes, 9 de noviembre de 2012

Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon gaikako bilketa sistema pertsonalizatu berria jarriko dute


 



Sasieta Mankomunitateak gaur jakinarazi duenez, Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon atez ate bilduko dituzte hiri hondakinak “datozen hilabeteetan” hasita. Data zehatza esan ez badute ere, 2013. urtearen hasieran izango litzateke, abenduan herri batzarrak eta auzokako bilerak egingo dituztelako herritarrekin.
Hiru herri horietako udalek “sistema pertsonalizatu berria” jarriko dute indarrean. Sasietako zerbitzuburu Iñaki Erauskinek esplikatu duenez, gaur egun kalean dauden edukiontzi guztiak kendu egingo dituzte —beirarena izan ezik, hori mantenduko dute—. Horren ordez, herritarrekin bileretan zehaztutako egun jakinetan gaika atera beharko dira hondakinak. Kaleko zintzilikarioak  jarri ala ez, hori ere batzarretan hitz egingo dela aurreratu dute. Horretarako, herritarren parte-hartzea eskatu dute.
Zintzilikariorik jarri ezean, egun horretan atera beharreko hondakinaren ontzi handiagoa egongo da toki jakinetan. Gauean zehar eramango luke Sasietak. Datorren urtean tokatzen da Sasieta Mankomunitatean bilketa zerbitzua ematen duen enpresa atzera aukeratzea, beste hamar urterako kontratuarekin.
Herritarrek, beren partetik, etxean bost hondakin mota bereizi beharko dituzte. Plastikozko bost ontzi jasoko dituzte. Bi kolore marroikoak, bat gaur egungo organikoaren neurri berekoa, eta bestea 30 litroko handiagoa. Txikia sukaldean edukitzeko izango da, poltsa konpostagarriarekin. Astean hiru egunetan bilduko denez organikoa, printzipioz, ontzi handiagoa “biltegi modura” erabiltzeko izango da, atera bitartean.
Bestetik, kolore griseko ontzitxoan birzikla ezin daitezkeen gaiak jaso beharko dira, izendatutako egunean ateratzeko. Urdinean (30 litrokoa) papera eta kartoia, eta horian (30 litrokoa) ontziak. Ontzi horiaren ordez poltsa “normalizatuak” (edozein motakoak ezin dute izan) ere bana lekizkieke, hala eskatzen dutenei.
Papera eta kartoia jasotzek ontzi urdinaren kasuan (astean behin jasoko lukete), aukera egongo da etxebizitza bakoitzak bere ontzia edukitzeko, edo etxe-blokeen kasuan gurpildun edukiontzia eskatzeko, eta komunitateko etxe guztiek han pilatzeko.
Ontzi guztiek txip elektronikoa edukiko dute, familia bakoitzaren joera eta erabilera—paperaren kasuan komunitarioa izan litekeena— identifikatzeko.
Kataluniako Spora enpresak egin duen bideragarritasun planean oinarrituta daude aldaketa guztiok. Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon batzarrak egingo dituzte azaroan eta abenduan. Bi erronda izango dira bakoitzean: lehenengo batzar irekian (azaroan) herritarrei hondakin bilketaren gaia planteatuko zaie, eta ekarpenak jasoko dituzte udalek. Bigarren batzarrean (abenduan), bilketa sistemaren arloak erabaki eta martxan jartzeko moduan uztea litzateke egitekoa